XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kontxa, estropaden finkapena

Baina, jendearen desafioak, nola ez bada, erabakikorrak izan ziren estropaden sorreran, haien ondorioz antolatuak izan bait ziren Donostiako Kontxako estropada famatuak.

Izan ere, 1871.eko irailaren 22an Hondarribia eta Pasaiaren arteko estropada gauzatu zen, irteera Hondarribian eta helmuga Donostian kokatuz.

Pasaitarrak gertatu ziren irabazle, baina estropada hark jendearengan eragindako zaletasunak erantzuna eskatzen zuen.

Garai hartan turismo-hiri nagusia bihurtzen ari zen Donostia izan zen erronkaren jasotzaile, eta 1879. urtean, gaur egun bezala irailean, lehenengo Kontxako Estropadak programatu ziren Donostiako badian.

Donostiako Kontxako Banderak 1979. urtean ehun urte bete zituen, eta gaur egun ere Traineruen olinpiadatzat hartzen dugu.

Momentu honetan, Donostiako Banderak ehun urteak beteak ditu, eta egunotan traineru denboraldian euskal uretan dozenaka sari antolatzen badira ere, ezbairik ez da Kontxako Estropadak onenak direla onartzeko.

Hain zuzen, talde baten palmaresa ona edo nolakoa den aztertzean, ea zenbat Kontxa dituen irabaziak esaten da.

Denok dakigu talde guztiek, edo puntakoek behinik behin, Kontxako Bandera dutela denboraldiko helburu nagusitzat, gainontzeko estropadak bigarren mailakoak izanik.

Hala ere, badira Kantaurian izen eta ospe handiko beste estropadak.

Esate baterako, Bizkaian, Nerbioi itsasadarrean jokatzen diren Nerbioiko Sari Nagusia eta Corte Inglés Saria; eta Gipuzkoan Zarauzko Estropadak eta Getaria Donostia Itsas-zeharkaldia.